Deklinabidea

BIZKAIERAZ;



Deklinabideko kasuen gaineko ohar orokor batzuk:

Nor, Nork eta Nori oinarrizko kasuak dira. Kasu gramatikalak be deitu ohi jake. Eurok
azaltzen diranean, aditza be eurotara makurtzen da:
  Umeak dabilz olgetan.
  Zuek pozten gaituzue.
  Peruri ardura barriak etorri jakoz gainera.
  Zergaitik ez deustazu neuri jaramon egiten?

Zerik ez da berez kasu berezi bat, Nor kasuaren distribuzino-erabilera bat baino.
  Jentea  kalean dabil.
  Jenterik  ez dabil kalean.

Noren eta Nongo izenak bata besteagaz alkartzeko erabilten dira batez be. Noren  kasuaren
atzean nork zer euki ideia dago. Nongo kasuaren azpian non zer egon ideia datza.
  Mendiaren tontorra. Mendiak tontorra dauka.
  Mendiari tontorra jagoko.
  Basoko pinuak. Basoan pinuak dagoz.    
 
Zertzat edo  Nortzat kasuak lotura-bokal
barik lotzen jako izen edo adjektiboari, hau kontsonantez amaitzen danean. Mugagabea da
beti.  
  Gizontzat, alabatzat…
  Edertzat, gaztetzat…
Toki-denporazko kasuek (non, nongo, nondik, nora…) aurreko guztiakandik morfologia
diferentea dabe:
  a) Atzizki oinarrizkoak, mugatu singularrekoak dira eta ez mugagabekoak:  -(e)an, -
(e)ko, -(e)tik, -(e)ra. Eurotan ia ez dago -a mugatzailearen arrastorik.
  b) Mugagabeko atzizkiak -ta- artizkiaz eregiten dira: -(e)tan, -(e)tako, -(e)tatik, -(e)tara.
  c) Pluraleko atzizkiak -e- + -ta- artizkien gainean eregiten dira: -etan, -etako, -etatik, -
etara. Baina ez daukagu goiko sailekoetan dagoan -ak horren arrastorik.
Toki-denporazko bizidunentzako kasuek be egitura berezia dabe: -ga- artizkia hartzen dabe
(-gan, (-gango), -gandik, -gana...).

-Ohar orokorrak mugatzaile hurbilaz:
Bizkaieran mugatzaile hurbila pluralean zein singularrean, bietan erabilten da. Pluralean
bakarra: -OK, eta singularrean gradu bikoa, erakusleetan lez: -AU, -ORI.
Beti ez da erraza mugatzaile hurbila eta erakusle hurbila euren artean bereizten. Edozelan
be, mugatzaileak beti hitzari loturik idazten dira.
  Honek umeonek beti dauka zeozer. (1go gradua)
  Etxeonek teilatua jausi beharrean dauka.
  Nor da etxeonetan agintzen dauena?
  Horrek neskatoorrek zeozer esan gura deutsu, antza. (2. gradua)
  Ipini eiozu uleorri zinta gorri bat.
  Dantzan dabilenorrek hankak arin ditu.
  Orraztu eizuz uleok, saskel antza daukazu-eta! (pluralak)    
  Hauxe da inguruotako neskarik politena.
  Hor geldi parauta zagozenok be hasi zaiteze beharrean.

Sistema hurbilaren erabilera mugatua da; testuinguru jakin batzuetan erabilten da:
Hurrekotasuna marketako erabilten da orokorrean:
Hurrekotasuna batzuetan 1. pertsoneari jagoko (ni / gu), beste batzuetan 2.ari (zu / zuek) eta
baita 3.ari be (berau, berori / eurok).
  Umeau zergaitik dago negarrez? (= Norberaren aurrean dago)
  Gazteok zergaitik zagoze haserre? (= Zuek)
  Berbaz nabiltzuenonek be gauzatxo batzuk dodaz kontetako. (= Nik)
Hurrekotasuna, lekuzkoa ezeze, denporazkoa be izan daiteke:
  Urteok igarri barik joakuz aurrera. (= Guk bizi ditugun urteak)
  Asteau aurrekoa baino laburragoa egin jat, jaieguna egon da bitartean-eta.
  (= Oraingo astea)
Hurrekotasuna, fisikoa ezeze, gogozkoa be izaten da sarritan; lehenago esanikoren bat
atzera gogora dakargunean, esaterako:
  Dinozuezan notiziok non entzun dozuez ba?
  Zertan etorri diran esan dozue baina, gizonok nondikoak dira ba?
  Behin bizi zan andra zahar bat txabola baten, eta andreonek euki eban seme bat,
eta semeau zan txito gaiztoa.
  Azeria goseak hilten egoan. Eta behin ia hil beharrean topau ei eban miruak azeri
zaharrori.
Atributu bokatiboetan, konnotazino bereziaz: adjektibo batzuekin zentzu peioratiboaz
(gatxeresleaz); beste batzuekin zentzu oneresleaz:
  Zer behar ete dabe honeek atsook?
  Maritxu, nora zoaz, eder galantori?
  Txikitxu politori, zer dozu negarrez?

BATUZ:




Aditzoinen forma

Hau da, Euskaltzaindiaren erabakia, aditzoinen formari dagokiona:

1. Normalean aditzoina eta partizipioa bereizten dira: ikas / ikasi, bil / bildu, sar / sartu.
2. Aditza beste kategoria batetik eratortzen denean eta jatorrizko oinarritik ezertan ere bereizten ez denean, -tu atzizkia ere erabil daiteke aditzoinean: ur / urtu, gizon / gizondu, gorri / gorritu, hobe / hobetu. Kasu hauetan, hortaz, urtu, gizondu eta hobetu aditzoin gisa ere erabil daitezke.
3. Aditzoinen bukaera afrikatua denean, aditzoinak nahitaez atxiki behar du afrikatua: huts dezaket (*hus dezaket), zorrotz dezaket (*zorroz dezaket).
4. Aditzoin bukaerak >i< berezkoa duenean, >i< amaiera atxiki behar da: jaiki hadi (*jaik hadi), jalgi hadi (*jalg hadi). Ez, ordea, berezkoa ez duenean: ikas ezak, utz dezake, e.a. Itxi salbuespena da, -honetan ere atxiki behar baita >i<. Eutsi eta iritzi aditzen kasuan aukera uzten da, bietara.

5. Ondoko kasu hauetan bakarrik onartzen da -t bukaera aditzoinetan:

Aditz eratorria bada eta haren oinarria t- duna: laket / laketu.

Literatura tradizioan jokabide bakarra, izan badu: ohart, ezagut.

- di bukaerako oinarri batetik eratorria izatea eta forma laburtu gabetik semantikoki bereiz izatea: hant, ert.
Besteetan -t gabe: urrun nahiz urrundu (baina ez *urrunt), lagun nahiz lagundu (baina ez *lagunt), neur, ezkon, e.a.


Adizki perifrastikoetako adizki nagusiaren forma

Hau da Euskaltzaindiaren erabakia aditz perifrastikoetako lehen osagaiaren formaz:

1. Aditz oinaren formaz. ARAUA.

Partizipioa:

2. 1. Bokalez eta kontsonantez amaitzen direnak. Euskal aditz zaharrek partizipioa bokalez amaitua izan dezakete: IKUSI, MIRETSI, BETE, JASO, BOTA, ... nahiz kontsonantez: JAKIN, EMAN, ESAN, EGON, HIL,...

2.2. -TU / -DU atzizkiaz osatzen dira, ordea, partizipio gehienak. -DU forma aditz oina -L / -N-z amaitzen bada gertatzen da: AZTERTU, LABURTU, PUSKATU, LAGUNDU, BIKOIZTU, LUMATU, FABRIKATU, DEKORATU,... baina GIZONDU, LAZTANDU, AHULDU, ZABALDU, ISILDU, KIKILDU, etab.

Zenbait aditzek, partizipiorako, forma zaharra eta forma berria, biak, onartzen dituzte: AHANTZI / AHAZTU; JARRAIKI / JARRAITU; SINETSI / SINESTU; IRATZARRI / IRATZARTU, ...

3. Etorkizunekoa:

3. 1. -KO eta –GO. Partizipioari -KO atzizkia gehituz eratzen da, orohar: LAGUNDUKO, IKASIKO, EKARRIKO, ZAPUZTUKO, BETEKO ... Partizipioa -N-z amaitzen bada, atzizki horrek -GO forma hartuko du: JANGO, IZANGO,ESANGO, IRTENGO, etab. -L-z amaitzen bada, -KO nahiz -GO, biok dira zilegi.

3.2. –EN. Zilegi da, halaber, partizipioa -N / -L-z amaitzen duten aditzekin -EN atzizkiaz baliatzea etorkizuneko formak osatzeko: JINEN, UKANEN, HILEN, etab. Nolanahi ere, tradizio jakina eta mugatua duten aditzetan tradizio hori kontuan hartu beharko da: Iparraldeko aditztzat hartzen ahal direnekin -EN ongi dator, baina Hegoaldeko tradiziokotzat soil-soilik hartzen ditugunekin ez hainbeste. Beraz, IRTEN aditzaren kasuan, adibidez, hobe beti ereIRTENGO IRTENEN baino. Eta, alderantziz, JINEN eta UKANEN, JINGO eta UKANGO baino.

4. Aditz izena:

Aditz oinari -T(Z)EN erantsiz lortzen da aditz izena: JASOTZEN, ETORTZEN, JAIKITZEN, JATEN ...

4. 1. – TZEN erabiliko da orohar: LAGUNTZEN, JASOTZEN, HILTZEN, DEKLARATZEN, BOTATZEN, BETETZEN, ZAPALTZEN.

4.2. -TEN erabiliko da partizipioa -N-z amaitzen duten aditzekin: ETETEN, IRTETEN, IZATEN, EGOTEN, JATEN, ESATEN, ERRATEN,...

Ekialdeko euskalkietan ohikoa den -i- tartekatua (egoiten, izaiten, erraiten, etab.) ez da batasunerako gomendagarria.

-TEN erabiliko da, halaber, aditz oina kontsonante txistukariz amaitua bada: IKASTEN, UZTEN, GUTXIESTEN, AHANZTEN, HASTEN, HAZTEN, HEZTEN, HESTEN, HAUSTEN, LAZTEN, etab. Aditz arazleek ere, horrenbestez, -ARAZTEN egingo dute aditz izena.

Arabera
Euskara baturako erabakitzen den forma bakarra arabera da esapide gisa erabiltzeko.

Arazi
Hau da arauaren forma berria:

1) Aditz "arazleak" eratzeko, arazi aldaera gomendatzen du Euskaltzaindiak, salbuespen bakarra adierazi delarik.
2) Aurreko aditzari lotua idatziko da beti arazi: harrarazi, erorarazi, iraunarazi, hilarazi, betearazi, galarazi, geldiarazi, ezagutarazi, nabarmenarazi, ihardetsarazi, inarrosarazi.
3) Zenbait aditzen aldaera t-dunak, hots, sortarazi, agertarazi eta kidekoak, sorrarazi, agerrarazi eta kidekoak bezain zilegizkotzat hartzen dira.
4) Arazi-ren aurreko aditza a bokalaz amaitzen baldin bada, a biekin bat egingo da: aldarazi, benedikarazi, jokarazi, koordinarazi, obligarazi, sozializarazi.


Arazi aditzaren erregimena
Hau da, Euskaltzaindiaren erabakia arazi aditz arazlearen erregimenaz:

1. Arazi-ren subjektua beti ergatiboan doa: Koldok etorrarazi du Mikel.
2. Oin aditzaren objektua beti absolutiboan: Sagarrak salarazi ditugu.
3. Oin aditza iragankorra denean, subjektua datiboan darama: Niri liburua irakurrarazi zidaten.
4. Oin aditzaren subjektua absolutiboan doanean, absolutiboan ageri da perpaus kausatiboan ere: Mikel jarrarazi dute.
5. Oin aditzaren subjektua ergatiboa baldin bada eta agerian objekturik ez badu, bi egoera bereizi behar dira:

  a) Objektua ezabatua edo aditzari atxikia duten aditzekin datiboa eskatzen du subjektuak: Mikeli janarazi diote; Mikeli irri eginarazi diote.
  b) Sekula objekturik hartzen ez duten aditz deponenteekin, aditzaren izaera semantikoa kontuan hartu behar da. Aditzak subjektu biziduna eskatzen duenean, datiboan ageri da (Inori ez diogu pairarazi behar), baina subjektua bizigabea bada, absolutiboa (Ura irakinarazi dute).


-ari, (-lari) atzizkiaz
Hauxe erabakitzen du Euskaltzaindiak:

1. Erabil bedi -ari forma, -a bokalaz amaitzen diren izen oinarriei eransteko, batez ere bi silabatik gorakoak direnean. Beraz, gramatikari edo politikari erabil bitez batasunerako (eta ez gramatikalari edo politikalari).

-ia amaierako izenekin, -ialari hobesten da: historialari, zientzialari.

2. Era berean, erants bekio -ari atzizkia izenari, eta -le edo -tzaile atzizkiak, berriz, aditzei. Hortaz, hezle, hezitzaile edo ikertzaile dira batasunerako formak, hezi eta iker(tu) aditzak baitira.

Aditz batek adiera bat baino gehiago izan dezakeenean, zilegi izan daiteke adiera batean -le edo -tzaile eranstea, eta -ari beste adieran: idazle / idazkari, zuzentzaile / zuzendari.

-ari/-ario

Honako arau hau ematen du Euskaltzaindiak:
Erdal -ario/-aire atzizkiez osatutako izen-izenondoak -ario forman, eta ez -ari forman, mailega bitez:

- izenen artean notario, komisario, unibertsitario, funtzionario, kortsario, mertzenario, etab. (salbuespenik balego, hiztegi batuan zehaztuko dira salbuespen hauek bere garaian);

- izenondoetan, (talde) parlamentario, (sistema) planetario, (jokabide) sektario, etab. Baina ahal dela, maileguz hartutako erdal izenondoen ordez, hobe euskal egituraren araberako ordainak erabiltzea: talde parlamentario esan beharrean, parlamentu(ko) talde, edo sistema planetario esan beharrean, planeta-sistema edo planeta sistema esatea egokiagoa da. Gauza bera aldizkari unibertsitario-ren kasuan ere, egokiagoa baita unibertsitate(ko) aldizkari erabiltzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario